XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sozietate anonimoen funtsezko osagaia, akzioa da.

Kontzeptu honen barnean bi errealitate daude: alde batetik, akzioa kapital sozialearen zati alikuota da.

Legearen aginduz, sozietate anonimo orok bere kapital osoa akziotan banaturik eduki beharko du.

Baina bestetik, akzioa titulu-balorea da.

Bere barruan sozietatearen eskubide sozialak daude eta titulua eskualdatuz, besterenganatu egiten dira.

Akzioaren zentzu ekonomikoari begiratuz, akzioak hiru balio desberdin ditu: 1.- Balio izendatua.

Akzioaren gainean, titulu formal bezala idatzita azaltzen da.

Balio hau, kapital sozialaren kopurua zati akzio-kopurua da.

2.- Kotizazio-balioa.

Balio hau burtsan duena da.

3.- Egiazko balioa.

Beste hau, enpresaren bilakaeraren araberakoa da.

Kontabilitate-egoeratik eratorritako balioa da.

Sozietate anonimotako akzioak, mota desberdinekoak izan daitezke: a) Izendunak.

Akzio hauek akzio bakoitzaren titularra izendatzen dute.

Sozietatean eraman beharko duten akzio-liburu erregistratzailean inskribatuko dira, akzioen titularraren izenak eta gerta daitezkeen titularitatearen aldaketak ipiniz.

Sozietate anonimotako akzioak guztiz ordaindurik ez dauden bitartean, izendunak izan beharko dute.

b) Eramaile-akzioak.

Inoren izenean azaltzen ez direnak.

Zenbakiturik egongo dira eta guztiz ordaindurik.

c) Espezie-akzioak.

Akzio hauek ondasun higiezinetan, kreditu-eskubideetan eta balore higigarrietan egindako ekarpenei dagozkie.

Beraz, ekarpenen tasazioa eginez gero, akzio-kopuru zehatz bat (ekarpenaren balioari egokituta, jakina) bazkideari ematen zaio.

d) Lehentasunezko akzioak.

Hauek eskubide berezi bat edo lehentasuna ematen dute.

Akzio-mota hau debekaturik dago Espainian.

Akzioak, balore-titulua denez, bere barnean sozietate anonimoarekiko zenbait eskubide sozial darama.

Honako hauek dira eskubideak: 1.- Irabazietan parte hartzeko eskubidea.

Urtero Batzar orokorrak erabakiko du ekitaldiko mozkinak zeintzuk diren.

Irabaziak bazkideen artean banatuko dira, bakoitzak suskribatu duen akzio-kopuruaren heinean.

Mozkin-banaketa honi, dibidendu aktibo esaten zaio.

2.- Sozietate anonimoaren kitapenean, geldi daitekeen ondarearen zati bat jasotzeko eskubidea.

Jakina, zatiketa hau zor sozial guztiak estalirik daudenean egingo da.